Pictotales lantaldea
Pictotales ibilbide luze baten emaitza da. Edo, zehatzago esanda, hainbat ibilbideren bateratze-puntua. Itxura batean loturarik ez zuten hainbat ibilaldi pertsonal eta psikologikok bat egin zuten une eta gune berean. Halako gertakizunak bizitzan sarri izaten ez direlakoan, erronkari heldu, eta abian jarri zen, ezinbestean, web-orria 2013ko lehen egunarekin batera martxan jarri eta argitaratzeko eginkizuna.
Pictotales proiektuaren egoitza nagusia Bilbon (Euskal Herria) badago ere, Dresdenen (Alemania) erein ziren haren hastapeneko haziak. Blog-euskarriak eskaintzen dituen aukerak baliatuz eta, betiere, sormena oinarritzat harturik, irudi nagusi batez eta hari lotutako kontakizun batez osatutako unitate artistikoak sortzeko egitasmoa jarri zen martxan 2011ko azaroan. Egitasmo haren helburu nagusia zen ikusle-irakurleei, arkitekturarekin lotutako irudien bidez, atmosfera onirikoetan eta atenporalitatean barrena bidaiatzeko gonbita luzatzea; eta haren ondorio da urtebete pasa eskasean espero baino askoz bisita gehiago izan dituen bloga: arkitektonirika.
Ernatutako egitasmo haren jatorrizko ideiak bere horretan iraun badu ere, izan du, izan, bilakaerarik; nabarmenena, seguruenik, irudi batez eta kontakizun batez osatutako elementu artistikoari izena jarri eta formatu bat zehaztu izana. Sortze-lanok partekatzeko aukera inplementatzea ere ezinbestekoa iruditu zitzaigun, gaur egungo joera globalek hala eskatzen dutelakoan. Ikuspegi global horretatik, halaber, ahalik eta munduko hizkuntza gehien islatzeko aukera ematea ere nahi izan dugu. Horren guztiaren ondorio gisa, hemen da, azkenik, pictotales webgunea.
Pictotales proiektuak, hastapenetatik, bidelagun leiala izan du New Yorken (AEB). Jakin-min artistiko eta ilusio beraz jantzirik, hausnarketak, ikuspegiak eta ekarpenak partaketu ditugu, batzuetan mahaiaren bi aldeetatik, beste batzuetan itsasoaren bi aldeetatik. Lankidetza horrek eragin du, hein handi batean, proiektuak hizkuntzekiko ikuspegi globala izatea. Proiektua aurrera ateratzeko, beraz, ezinbestekoa izan da Bilbao - New York tandema. Urte askotako loturak batzen gaitu, eta luzarorako izango delakoan, gainera.
Pictotales asmo xumeko proiektua da. Hala ere, interesgarri gertatu zaien isileko laguntzaile ugari izan ditu, ekarpenak proposatu eta laguntza eskaini dutenak, bai alderdi teknikoari dagokionez, bai edukiari dagokionez. Batzuek egonarri handia behar izan dute ekarpenak helarazi eta ulerrarazteko; denek erakutsi dute, ordea, ikaragarrizko prestutasuna eta eskuzabaltasuna. Eskerrik beroenak, beraz, proiektu hau eraikitzeko, zeinek bere eran, bultzadatxoa eman duten guztiei.
Pictotales lantaldea